Albisteak

 

Zaldibarko Udalak, Berdintasun saila bere egituran txertatu zuenetik, zenbait ekintza burutu izan ditu herriko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko lanketaren gainean. Estrategia duala erreferentziatzat harturik –mainstreaming-a eta ekintza positiboko politikak- berdintasun politikak zentraltasuna hartuz joan dira udaleko funtzionamenduan urte luze hauetan zehar. Hala, bai udalaren barne funtzionamenduan eta bai herrira begirako ekintzetan ere, berdintasunaren ikuspuntua arlo guztietan eta maila guztietan txertatzeko helburuarekin dihardu Zaldibarko udaleko berdintasun sailak.

Esan bezala, lanketa ugari egin dira azken urteotan aurrean aipaturiko helburu horien baitan, eta hala, 2008 urtean eginiko egoeraren diagnostikotik habiaturik, Zaldibarko emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. plana (2010-2013) eratu zen. Ordurako, Udalak bazuen berdintasunarekin konpromisoa eta lan ibilbide garrantzitsua, baina eremu horretako jardunari koherentzia eta egonkortasuna emateko beharrezkoa zen marko estrategiko bat izatea. Hala, lau urtetako ibilbide bat zehaztu zen, berdintasunean oinarrituriko herri bat eraikitzen joateko helburuarekin.

2014 urtearen amaieran, exekuziorako ezarritako denbora markoa beteta, planaren ebaluazio faseari ekitea erabaki zen. Ebaluazio prozesu honen bidez, abian jarritako jarduera tresnak nola funtzionatu duten aztertu eta Zaldibarko emakumeen eta gizonen arteko II. Berdintasun planaren oinarriak finkatu ziren.

Hala, dokumentu honen bidez aurkezten da 2016 urtean martxan jarriko den eta lau urteko indarraldia izango duen bigarren berdintasun plan hau: I. planaren gaineko ebaluazioak emandako emaitzetan oinarriturik eta herritarren eta inplikatutako agenteen parte-hartzearekin eraikia izan den lana.

Plan honen egitura nahiko sistematikoa den arren, malgutasunerako tartea ere uzten du, izan ere kontuan hartu beharrekoak lirateke lau urteetan zehar eman daitezkeen egoera aldaketak edo egokitzapenak, baita aurrekontuen gorabeherak ere.

 II. Berdintasun Plana (PDF 1MB)